XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alabaiña, Maule'ko gazteluaren giltza ez du nahi bezain erraz lortuko.

Lukuze'ko Baroiak bere laguntasuna agindu zidan bart, eta arestian Musde Arnauton'ek agindu dit. Bi gizon hauek nire alde edukirik, ez dut ezeren beldurrik izan behar, Zuberoa eta Nafarroa Behereko lukuzetar eta beaumontes guziak nirekin izanen baititut. Datorrela, beraz, Candale'ko konde doillorkumea, bere arranbelari, lantzalari eta laguntzaille izanen dituen agramontes ziraunkumeekin. Maule'ko gaztelurik ez dute hartuko; eta har balezate, ez dute harririk harri gaiñean idoroko. Gaztelu izandakoaren hondakiñak eta beaumontes zangarren hillotzak izanen dira beren gudasari bakarrak.

ZAZPIGARREN AGERRALDIA. LEIRIN'GO JAUN KUNTIA, LUKUZE'KO BAROIA, HONEN EMAZTE ANDRE GRAZIANA, MAYI ta JOHANA bien alabak, eta BERTRAND MONTFERRAND.

JAUN KUNTIA - Hemen da Jaun Baroia. Laguntasun ederrik badakar. Bere emazte eta nire lehengusiña Andre Graziana; Mayi eta Johana beren alaba ederrak, eta Bertrand Montferrand zaldun gaztea, Johanaz zoro-zoro maitemindurik dagoen gaskoin odolberoa. (Denak sar bitez).